Guztira, 18 eta 44 urte bitarteko 92.000 pertsona baino gehiagok oraindik ezin izan dute lehen etxebizitza eskuratu, eta gurasoen, tutoreen edo beste senide batzuen etxebizitzetan bizi dira. Adin-talde horretako hamar pertsonatik sei jada emantzipatuta daude. Datuak Eusko Jaurlaritzak egindako Euskal Autonomia Erkidegoko Etxebizitza Beharrei eta Eskaerari buruzko Inkestan (2019) jasota daude. Etxebizitza eskuratzeko beharra duten pertsona guztiak modu independentean kontuan hartuz gero, 103.293 etxebizitza beharko lirateke, txosten honen beraren arabera.
Etxebizitzaz aldatzeko beharra ere identifikatzen du inkestak, bertan bizi direnek adierazitakoaren arabera. Beharra ia %10 igo da azken bi urteetan, eta EAEko familia guztien % 9,3ri baino gehiagori eragiten die. Etxebizitzaren tamaina desegokia da aldatzeko arrazoi nagusia, eta, ondoren, etxearen egoera txarra, etxebizitza jabetzan nahi izatea, eta alokairu merkeagoaren nahia.
Etxebizitzen birgaitze-lanei dagokienez, hori egiteko beharrak EAEko familien ia %8ri eragiten die, 2017an baino %10 gutxiagori. Birgaitzeen erdiak etxebizitzen barruko hobekuntzekin lotuta egongo lirateke, eta beste erdi eraikinaren elementu komunak eraberritzearekin.
Leave A Comment