Bizigune programaren helburua merkatu libreko etxebizitza hutsak erakartzea da, alokairu babestuaren bidez merkaturatzeko. Hutsik dauden etxebizitzei erabilera soziala eman nahi zaie horrela. Horretarako, etxebizitza huts baten jabeak Alokabideren esku uzten du, sei urteko kontratu batekin, gehienez ere hilean 600 euroko zenbatekoaren truke. Gero, Alokabidek Etxebiden izena emanda dagoen pertsona bati esleitzen dio etxebizitza, eta pertsona horrek bere diru-sarreren araberako alokairua ordaintzen du, diru-sarreren %30 gainditu gabe.
Biziguneren azken ebaluazio txostenaren arabera, programak 6.224 etxebizitza zituen aurreko abuztuan, gehienak Bizkaian (ia lau mila). Euskadiko ehun da berrogeita hamar udalerrik Biziguneko etxebizitzak dituzte, Bilbo buru dutela, mila ingururekin. Bizigune programaren etxebizitzei atxikitako maizterrek ordaintzen duten batez besteko errenta 234 eurokoa da, eta jabeek jasotzen dutena, berriz, 515 eurokoa. Txostenaren arabera, familia egoiliarren herenak kide bakarreko familiak dira; %30 langabezian daude, eta %21ek aldi baterako kontratuak dituzte. %27k etxebizitzaren ordainketak betetzeko arazoak dituela adierazi du.
Leave A Comment