//Surbisak igogailuen instalazioa bultzatuko du Iralako 56 eraikinetan

Surbisak igogailuen instalazioa bultzatuko du Iralako 56 eraikinetan

Surbisak, Bilboko eraikinen, etxebizitzen eta lokalen biziberrikuntza sustatzeko udal-sozietateak, Zaharberrikuntzarako Plan Berezia sustatuko du Irala auzoan, eta irisgarritasuna bere zutabeetakoa izango da. Jarduketa-eremu horretan, igogailuak jarriko dira azpiegitura hori ez daukaten 56 eraikinetan.

Surbisak eraikin bakoitza ikuskatu du, eta guztira 574 etxebizitzatako egoiliarrekin batzartu da, kasuan kasuko irtenbidea eskaintzeko asmoz. Eraikinaren arabera, igogailua fatxadaren kanpoko aldean jarriko da atxikita. Bestela, eskailera-zuloan jarri eta eskailera bera eramango da kanpoko aldera. Irtenbide horiek, hain zuzen ere, Surbisak egindako eta izapideetarako udalera bidalitako Irisgarritasun Plan Berezian azaltzen dira.

Iazko azaroan, Eusko Jaurlaritzak Bilboko eremu hori Zaharberrikuntzarako Gunea zela adierazi zuen. Surbisa bera leihatila bakarra izango da, aholkularitza teknikoa eskaintzeko eta igogailuen instalaziorako laguntzak kudeatzeko.